Maddalen Iriartek Espainiar ekonomiak higatu egiten gaituela eta ez digula aurrera egiten uzten salatu du. Gipuzkoako zerrendaburuak azaldu duenez, “Espainiak ezartzen digu energiaren prezioa: Espainiak esaten du gutxieneko soldata zenbatekoa den; Espainiak rabakitzen du zenbateko IVA ordaindu behar dugun; Espainiak erabakitzen du gure irakasle eta medikuek zenbat ordu egin behar duten lan eta zenbat kobratu behar duten.

Jubilatzen direnak ordezkatzen ere ez digute uzten, krisiaren izenean”. “Eta klaro, horrel normala da gero eta antz handiagoa izatea Espainiarekin”, ondorioztatu du.

Gaur arratsaldean ospatu du EH Bilduk bere lehenengo kanpainako mitina Gipuzkoan, Donostiako Nautikoan, jai giroan. Maddalen Iriartek, Gipuzkoako zerrendaburua, eta Nerea Kortajarenak, zerrendakidea eta Emaus­eko gizarteratze zuzendaria, hartu dute hitza.

Egoera larria den arren, “fatalismoan ez erortzeko” deia egin du Iriartek, “hemen gure bidea egin dezakegulako”. Baina azken zortzi urte “alferrik galdu ditugula” nabarmen du Iriartek: “Lehenik Lopezen administrazioa eta gero Urkullurena Madrilera begira egon dira eta Madrilen beldur”.

EH Bilduk baduela proiektua egoera honi aurre egiteko adierazi du Iriartek: “Herri akordio zabal bat, mundu guztiari zabaltzen dioguna: herri eragileei, sindikatuei eta alderdi politikoei, bereziki EAJri eta Podemosi, baina nahi balute, baita beste guztiei ere. Denon Herria egin nahi dugu eta egin behar dugu. Inor ez dugu bazterrean utziko”. Akordio horren bidez “bakarrik erabaki ahal izango dugu zein den gutxieneko soldata Euskal Herrian, gure politika industriala, energetikoa edo ingurugirokoa erabaki, hezkuntza eta kulturan zer egin nahi dugun erabaki” gaineratu du Maddalen Iriartek.

Nerea Kortajarenak, bere partez, azaldu du zein den EH Bilduk zerbitzu publikoak hobetzeko duen plana. Kortajarenak, Emaus­eko zuzendaritzako kidea den heinean, gaizki pasatzen ari diren herritarrak gertutik ezagutu ditu, eta Emaus­eko zentruetan bizi eta kide izan dituen horien arazoak “Legebiltzarrera eramateko konpromezua” hartu du.

Zentzu hontan, EH Bilduren proposamena argia dela azaldu du Kortajarenak: “Herri honetako emakumezko eta gizonezkoak beren bizitza proiektuak aurrera eramateko gai izan behar dira, zoriontsu izateko eskubidea dute eta gizarte politikak hortara zuzendu behar dira. Administrazio publikoak pertsonen bizitza kalitatea hobetzeko baliabide pribiligiatu bat dira eta horretarako erabili nahi ditu EH Bilduk”.