ETB2022
Eredu berriaren oinarriak

EiTBren birfundaziorako beharrezkoa den hausnarketa

Euskal Esparru Komunikatiboa (EEK) pentsatzen, artikulatzen eta arautzen hasteko garaia da. Euskal Esparru Komunikatibo propio eta indartsua, eremu publiko zein pribatuan oinarri sendoak izango dituena. Hedabide publiko batean egiten den inbertsioa, herrialdeari berari, kohesio sozialerako, euskararen eta kulturaren normalizazio eta promoziorako eskaintzen zaion ezinbesteko tresna da.

Halaber, 2022an EiTBk 40 urte beteko ditu. EiTBren eraberritzearen beharra inork gutxik jartzen du auzitan. Legebiltzarrean bertan sarritan adierazi dira alderdi ezberdinak norabide horretan. Hedabide publiko nagusia izanik, EiTBk berebiziko funtzioa du, bere sorrera printzipioetan azaldu legez, euskal jendartearekiko. Gizartearen kohesioa eta euskararen normalizazioa, ageri ziren 1982ko EiTBren Sorrera Legean aipatu printzipioen artean. Hori da hausnarketaren xedea; kalitatezko hedabide publikoak eta hauek bete beharreko funtzio soziala. Aldiz, 1982an sortu geroztik, euskararen, teknologien eta komunikazio ohituren bilakaerek ezagutu gabeko paradigma berri batean kokatzen dute EiTB. 82ko sorrera Legea zaharkitua geratu da, errealitate berriei erantzungo dion lege modernoa.

EiTB, bere eginkizun eta egiturak garai digitalera egokitzeko aukera paregabearen aurrean dago, sarearen abantailak probestuz komunikazio talde integral gisa egikaritu eta erreferentziazko informazio ikur bilakatzeko. Gizartearen eztabaida zein beharrei erantzungo diena, informazio ireki eta gardenaz, herritarren parte hartze eta eztabaida publikoz. Ikus-entzunezkoen sektorearen pizgarri izango dena. Ordezkatzen duen gizartean eta nazioartean prestigioa irabaziko duena. Objektiboa, hurbila, inpartziala eta ikuspegi kritikodun kalitatezko talde multimedia publikoa.

2022a ortzemuga, bost urte luzeko ibilbidea proposatzen dugu, Euskal Esparru Komunikatiboaren eta EITBren etorkizuneko ereduaz hausnartu eta urratsak gauzatzen hasteko. Hurrengo hamarkadetarako irrati-telebista publikoa irudikatu eta birsortzeko.

XI. legealdian Legebiltzarrean ordezkatuak dauden alderdi guztiek bere egin beharko luketen erronka da honakoa.

Eztabaidaren ardatzak
Eredu berriaren oinarriak

Eztabaida parte hartzailea. Anitza eta sektoreartekoa

EEK eta EITBren inguruko eztabaida eta hausnarketa anitza izan behar da. Ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalak, informazioaren alorrekoak, Unibertsitatea, alderdi politiko zein EITBk gorde beharko lituzkeen ezaugarri-baloreak lantzen dituzten eragile sozialak barne bilduko dituena. Legebiltzarreko X. legealdian onartutakoari jarraiki, EHU/UPVk landutako metodologia parte hartzaileak edo antzekoak zehaztuko du hausnarketak jarraitu beharreko prozedura.

Izaera eta enpresa egitura

Efizientzia maila altuagoak lortze aldera, beharrezkoak izango dira antolakuntza ereduan egin beharreko berregituraketak, pertsonalari zein taldeko enpresei dagokienez. Gestoreen sisteman iraulketa sakona eta taldeko plantilla estrukturalaren definizioa lehenbailehen egin beharreko urratsak dira. Izaera multimedia izango duen irtenbide bateratzailea bilatu behar da.

Ikus-entzunezkoen sektorea

EiTBn egiten den inbertsioa, ikus-entzunezkoen euskal industrian egiten den inbertsioa behar luke. Eusko Jaurlaritzak EiTBn egingo duen ekarpen oro herri honetako ekonomiara bueltatuko da, horrela, EiTB euskal industria eta eta bere enpresetan inbertitzen duen eragilea bilakatuz. Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresekin Hitzarmenak epe finkoetan egitea, enpresa horiei epe ertain luzeko ikuspegia eta babesa ematea da.

Euskararen normalizazioa

Hizkuntzaren normalizazioa, 82ko EITBren sorrera legean azaltzen den legez helburu izaten jarraitu behar du. Horretarako talde osoko enpresa guztiek erantzun behar diote helburu horri. Orain arteko helburuen dualizazioarekin amaitu behar da. ETB-1 lehentasun nagusiko kate generalista bilakatuko da telebistetan, horrek aurrekontuetan izan behar duen islaz. Aldi berean, ETB-2, Radio Euskadi eta Radio Vitorian euskarak lekua izan dezan neurriak zehazten joango dira.

Kalitatezko programazioa

EITBren programazioa kalitatezkoa izan behar da, beste kanalengandik bereizia. Horretarako tokiko sorkuntza izan behar du oinarri, eta jatorrizko edukiak izango dira nagusi. Ausarta izan behar da eta ikusleekin bat egitea lortu beharko du garai berrietara egokituta. Ikusleria hezi eta dibertitu beharko du. Eta guzti honekin batera, gure hizkuntza, kultura eta identitatea zabaltzea izango du helburu, anitza eta entretenigarria izango den komunikabide honek.

Informazioaren ekoizpena eta trataera

Hurbiltasuna, inpartzialtasuna, objetibotasuna eta unean uneko Gobernurengandik mantenduko duen independentzia, ezein hedabide publikoren prestigiorako ikur dira. EITBren lerro editoriala, euskal gizartearen aniztasunari zor zaio. Euskal jendartearen intereseko diren gaien ikuspegi propiotik informatuko da eta albistegiak lantzen dituzten arduradunak meritu profesional bitartez aukeratuak izan diren langileak izango dira. Agenda informatibo propioa berreskuratu behar da, Informazio Agentzia publiko eta autonomoaren bitartez.

Lege-Marku Arautzaileak

Euskal Esparru Komunikatiboa arautuko duen lege marku arautzailearen gabezia nabaria da. Esparru hori arautuko duten araudiak beharrezkoak dira. Legedia ezberdinen inguruko azterketa sakonak egitea ezinbestekoa izango da, beharko diren berriena adina. Proposamena: Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Arautzerako Euskal Herriko Kontseilu Independentearen Legea / Ley de Comunicación Audiovisual y del Consejo Independiente de Regulación para el País Vasco.

Zuzendari Nagusia

EITBk duen egiturazko arazoaz eta aurretik duen erronkaz jabetuko den Zuzendaritza lan talde bat aukeratzea beharrezkoa da. Lan talde oso bat EITBren etorkizuneko ereduaz hausnartu eta urratsak ematen joateko gai izango dena. Eztabaida anitza izan behar bada, aldaketaren inplementazioa egingo duen Zuzendaria ere adostasunezkoa izan behar da.