Iñaki Lazarobaster
Legebiltzarkidea
Etxean ortua, behiak, oiloak eta oilaskoak utzi eta Gasteizko legebiltzarrera joaten ibili naiz baserritarren ahotsa eramaten, lurra eta moketa aldi berean zapaltzen.

Hala, Jaurlaritzaren nekazaritza politikak aldatzeko lanean ibili gara.

Hala ikusi naute eta hala ikusia izatea nahi izan dut. Etxean ortua, behiak, oiloak eta oilaskoak utzi eta Gasteizko legebiltzarrera joaten ibili naiz baserritarren ahotsa eramaten, lurra eta moketa aldi berean zapaltzen.

Horregatik, baserritar bat legebiltzarrean izan naiz.

Jaurlaritzaren azken hamarkadetako nekazaritza politikak aldatu nahian ibili naiz, asko baitira gaur egun nekazaritzak dituen arazoak. Ondorioak begi bistakoak dira: Azken 40 urteetan 70.000 baserritar desagertu dira eta erritmo honetan 25 urtetan baserritarrik gabe geratuko gara.

Azken 40 urteetan 70.000 baserritar desagertu dira. Horrela, 25 urtetan baserritarrik gabe geratuko gara

Gure helburua izan da Elikadura Burujabetzaren oinarriak hartu eta ezkerreko nekazaritza eredu iraunkorrago eta herrikoiago baten alde egitea. Tokian tokiko elikadura sistemak bultzatu nahi izan ditugu, gertukoak, baserritar eta herritarrak elkarrengana gerturatuz. Eta eredu horrek, zalantzarik gabe, baserritar asko behar ditu.

Zentzu horretan eguneroko jatorduetan edozer jatetik bertako produktuak eta ahalik eta ekologikoenak eta osasuntsuenak jatera igarotzea ere helburua izan da, jaten dugunari garrantzia eman eta elikadura ohiturak aldaraziz. Asmo hori praktikara eramaten saiatu gara arlo guztietan: Hasita EH Bilduren bulegoko jantoki txikian egiten genituen jatorduetatik, ganberako tabernan ematen diren jaki eta kazetariekin egindako prentsa-gosarietaraino. Eta, noski, ekimenak aurkeztu ditugu Jaurlaritza norabide horretan jartzeko.

Elikadura ohiturak aldatzeko lanean ibili gara, taldeko bulegotik eta ganberako tabernatik hasita

Errealitateak esan dit, ordea, komunikabideentzat bestelako gaiek beti lehentasuna dutela eta legebiltzarreko nekazaritza gaiak ez direla notizi izaten. Edonola ere legealdian zehar nekazaritza gai asko landu dira eta urratsak egon dira, batzuk aurrera eta beste batzuk atzera. Izan ere norabide aldaketak ez dira errazak, zer esanik ez oposiziotik, baina zalantzarik gabe esan dezaket Elikadura Burujabetzaren proposamenak bere lekua egin duela legebiltzarrean.

Agian, oihartzun handiena izan duen ekimena sare publikoko eskoletako jangelak kudeatzeko eredua aldatzeko alternatiba behin eta berriz aurkeztu izana izan da. Tematu gara, jakin badakigulako jangelak kudeatzeko beste eredu gertukoagoak, zuzenagoak eta osasuntsuagoak daudela. Eta, badirudi, helburu bikoitza lortu dugula: gaia komunikabideetan egotea eta Jaurlaritzak indarrean mantendu nahi zuen sistema aldatzen joatea.

Alta, urte hauetan egindakoak ez du uzta gehiegi eman, egindako lana titularretakoa baino gehiago lan xumean oinarritutakoa izan dela esango nuke. Edozein modutan ere, EH Bildu eskertzen dut, baserritar bati legebiltzarrean eserleku bat eskaintzeagatik.

Lehenago edo beranduago iraultza iritsiko da, baserritik.

Iñaki lazarobaster, legebiltzarkidea