Alvaro Marcos
Taldeko kidea
Zerbait aldatu dugu jada legebiltzarraren lau pareten artean...

Izan ere, hor urteak eta urteak daramaten ordezkariei gustatu ala ez, indarrean den erregimen sozio-ekonomikoak bazterrean uzten dituzten errelatoek lekua izan dute.

Zailtasunetan eta borrokan dagoen enpresaren lan-batzordeak, zeharo prekarioak diren lan-badintzak pairatzen ari diren azpikontrataren langileak, ikusezinak diren sektoreen itzalen artean argia izpiak agertarazi nahi dituzten taldeak, edo euren kezkak eta proposamenak azaldu nahi dituzten sindikatuak. Adibide batzuk baino ez dira, legegintzaldi honetan legebiltzarrean gertatu den aldaketa nagusietarikoaren berri ematen dutenak.

Euren “habitat” naturaletik kanpo, enpresatik, lantokitik, kaleetatik kanpo, burokraziaren erreinura joan izan dira, erregelamenduen paradisura hurbildu dira, haserre baina tinko; urduri baina itxaropentsu, euren errealitate krudelaren kontakizuna egitera. Duintasunaren, langile klasearen mezua zabaldu dute Gasteizko ganberan, eta bidelagun izan gaituzte euren borroketan.

Duintasunez borrokatzen duten langileek langileon mezua zabaldu dute Gasteizko ganberan, eta bidelagun izan gaituzte euren borroketan.

Kasu gehien gehienetan EH Bilduk zuzenean edo zeharka gonbidatuta, esandako burokrazia horren adierazle esanguratsuekin egin dute topo, parez-pare: hitz egiteko txanda itxoiteko denbora luzeegia, gai-orden desegokien ondorioz (askotan gainontzeko talde politikoek langileen aldarrikapenekin duten begirune eskasaren seinale, bereziki, komunikabideetan agertzen ez diren horien kasuetan); parte-hartzeko denbora murritza eta tasatuta, edo hainbat ordezkari politikoen jarrera pasiboa, enpatiaren aurkakoa, zuzenean erasokorra izan ez denean. Eurentzat arrotza den eskenatokian, baina, duintasunaren lezioa eman dute, zenbait arlotan edo esparrutan ematen ari diren bidegabekerien kontakizunak eginez, oinazean eta sufrimenduan eraikitako errelato duinak aireratuz, elkartasuna aldarrikatuz.

Eurentzat arrotza den eskenatokian, duintasunaren lezioa eman dute, zenbait arlotan edo esparrutan ematen ari diren bidegabekerien kontakizunak eginez

Oihartzuna gorabeheratsua izan da, egia esan, gaiaren larritasunaren edo komunikabideen lehentasun apetatsuen araberakoa. Irteera eta konponbide onargarririk nahi baino gutxiagotan lortu izan dugu, egungo indar-korrelazioen ispilu. Askotan, EH Bildu bakarrik agertu da duintasunez betetako aldarrikapen justuak defendatzen...

Baina zerbait aldatu dugu jada legebiltzarraren lau pareten artean. Izan ere, hor urteak eta urteak daramaten ordezkariei gustatu ala ez, indarrean den erregimen sozio-ekonomikoak bazterrean uzten dituzten errelatoek lekurik izan dute, eta izango dute etorkizunean. Era antolatuan. Era sistematikoan. Duintasuna elkartasunaz josten delako.

Langileek legebiltzarreko ateak ireki dizkigute guri, eta guk ate horiek beraientzat irekitzen lagundu diegu. Azken finean, gu beraiek garelako, eta beraiek ere gu direlako. Ez dugu hori guk esaten, hainbat aldiz esan izan digute gauza bera. Hori da, hain zuzen, jasotzen dugun sari bakarra eta onena.
Segi lanean!

Alvaro Marcos, taldeko kidea