Lur Etxeberria Iradi
Legebiltzarkidea
Lehendik ere pentsatzen genuen erakundeek herritarrengandik ahalik eta gertuen egon behar dutela eta, bai, ideia hori berresten dugu, urrunegi dago Gasteiz bertakoak ez garenontzat.

Bostak Batek eta Gasteizen taldekideekin osatu dugun taldeak eman digu hara joaten jarraitzeko indarra.

Oilarraren kukurrukuarekin batera abiatzen da Xabier (Isasi) Hondarribitik Gasteiz aldera, handik gutxira, Juanjo (Agirrezabala), Oreretatik eta, geroxeago, Marian (Beitialarrangoitia) eta biok Hernanitik. Aritzetan elkartzen dira gure bideak, ilunpean oraindik neguan eta egunsentiarekin batera udaberrian. Gidatzea gustuko omen dugu guztiok baina Gasteizko joan-etorriek nekea eragiten digute eta nahiago izaten dugu kopilotu edo atzealdean bidaiatu, firin-faran. Horregatik, txandaka, denok izaten gara gidari eta denok gidariari berriketa ematen diogunak.

Aritzetan auto bakarrean sartzen gara gu eta gure ordenagailu, tuper, karpeta eta txamarrak, eta bagoaz. Elgoibarko ordainlekuan izaten dugu zain Iñaki (Lazarobaster), gure zain dagoen bitartean eskuko telefonoan eguneko notiziak errepasatzen. Eta autoa erabat beteta jada gu gara, “Bostak bat”. Hala izendatu genuen gure burua legegintzaldiaren hasieran eta hala deitu genion gure joan-etorriak antolatzeko sortu genuen whatsappeko taldeari. Taldekideek “gipuzkoarren kotxea” deitzen digute baina, egiari zor, gipuzkoarrak Debagoienatik etortzen diren beste hiru kide ere badira eta gu ez gara kotxe bat, talde bat baizik, EH Bilduk eta Gasteiza egin beharreko joan-etorriek elkartu dutena.

Zenbatetan aipatu ote dugu gure artean zeinen urrun dagoen Gasteiz; geografikoki ez ezik, legebiltzarra bera erakunde arrotza zaigulako ere bai.

Zenbatetan aipatu ote dugu gure artean zeinen urrun dagoen Gasteiz; geografikoki ez ezik, legebiltzarra bera erakunde arrotza zaigulako ere bai. Gure bidaiak ez dira izan, ziurrenik, Gasteiza egunero joan behar izaten duten langileen bidaien oso ezberdinak. Tarteka irratia entzuten dugu, twiterrari edo whatsappari begiratu bat eman, baina gehienetan elkarrizketan joaten gara, lasai batzuetan eta sutsu besteetan. Euskaraz beti, eta euskarari buruz ere bai.

Bost pertsona ezberdin elkartu gara: 3 gizon eta bi emakume, erretiro-adina gertu samar duten bi “gazte” eta 40 urteren inguruan gabiltzan 3 heldu, erakundeetan sekula lan egin gabeko 3 “fresko” eta eskarmentudun 2 lagun, bi irakasle, kazetari bat, baserritar bat eta berdintasuneko eta parte-hartzeko aholkulari bat.

Bostak Baton autoa izan da, nolabait, urteotako gure unibertsitatea

Euskararen normalizazioa, elikadura burujabetza eta ingurumena, etxebizitza, politika feminista eta hezkuntza izan dira joan-etorrietako gai izarrak eta asko ikasi dugu elkarrengandik. Bostak Baton autoa izan da, nolabait, urteotako gure unibertsitatea. Euskaltzaleago, lurrarekin konprometituago eta feministago egin gaitu bidaiak. Hori gutxienez irabazi dugu eta gurekin daramagu. Nahiko genuke, noski, urteotan ikasitakoak guri ez ezik gainontzeko herritarrentzako ere onuraren bat ekarri izana. Baina hori neurtzea ez da hain erraza.

Lehendik ere pentsatzen genuen erakundeek herritarrengandik ahalik eta gertuen egon behar dutela eta, bai, ideia hori berresten dugu, urrunegi dago Gasteiz bertakoak ez garenontzat. Bostak Batek eta Gasteizen gainontzeko taldekideekin osatu dugun taldeak eman digu hara joaten jarraitzeko indarra. Eskerrik asko. Plazerra izan da.

Lur Etxeberria Iradi, legebiltzarkidea