Julen Orbegozo
Taldeko langilea
Behar izan denean, lau pareta hauetan "antisistema" izan garela onartu behar dut.

Erregelamenduaren mugei, bertako pautei, inertziei... zirrikituak bilatu dizkiogu. Gure praktika politikoak horretara eraman gaitu.

Debekuen sorta amaigabea da Gasteizko legebiltzarrean:

Debekatuta dago pleno aretoan argazkiak egitea; diskurtso baten ostean txalo egitea; batzordeetako agerraldietan kolektiboek 20 minutu baino gehiagoko hitzartzeak egitea; debekatuta dago kazetariekin gosari bat egiteko kanpotik jaki ekologikoak sartzea; debekatuta dago sindikatuetako ordezkariak gonbidatzea Jaurlaritzaren agerraldiak zuzenean jarraitzeko; debekatuta dago inor osoko bilkuretara gonbidatzea, 48 ordu aurretik baimen ofiziala eskatu ezean...

Dena pautatua, mugatua, markatua... Erregelamendu sakrosantuak agintzen du. Eta debekatua dagoen ala ez dudarik balego, zerbaitek araua hausten duen erabaki behar bada, Presidentearen interpretazioaren menpe dago guztia.

Onartu behar dut sarriegi eman didala debekuen etxean nagoela, eskubide eta askatasunak arautu beharko lituzkeen erakundean baino.

Dena dago pautatua, mugatua, markatua... Erregelamendu sakrosantuak agintzen du

Erregelamenduaren gainetik, ordea, saiatu gara gure praktika politikoa aurrera ateratzen. Injustuak iruditu zaizkigunean muga horiek, debeku eta inertzien gainetik salto egin eta politika egin egin dugu. Alta, oraindik ez gaituzte horregatik “antisistema” abizena jarri. Agian, badakitelako euren funtzionamenduaren testuingurua markatzen duen “sistema” horrek ez duela etorkizunik. Agian, sistema zaharkitu honetan "antisistema" izateak sistema-zale izateak baino logika handiagoa duelako. Batek daki

Baina, behar izan denean, joko zelai honetan "antisistema" izan garela onartu behar dut, Erregelamenduaren mugak hautsi ditugula, hain zuzen. Eta horregatik kritikatuak izan gara, zenbait kasutan jazarriak.

Legebiltzarrean EH Bildurenak kenduta, 54 eserleku egon dira stablishment eta status-quo-aren alde

2013ko maiatzeko greba orokorra izan zen adibideetako bat. Lau urteren buruan zortzigarren greba orokorra zen hura. Gure taldeak greba egitea erabaki zuen, murrizketen aurka eta pobreziarekin bukatzeko neurririk eza salatzeko. Ganberako ohiko jarduna bertan behera uztea proposatu genien gainontzeko alderdiei. Ez zuten onartu. Gure 21 eserlekuak hutsik geratu ziren maiatzaren 30eko bilkuran. Beste alderdietako gainontzeko 54ak ez zuten grebarik egin, eta ezta grebari aipamenik egin ere.

Argazki hori behar genuen, egoki laburbiltzen zuelako legebiltzarrean egon diren bi aldeak: 54 eserleku stablishment-aren eta ezer ez aldatzearen alde; parean, 21 eserleku, EH Bildurenak, langileek deitutako grebaren alde, sistemak ezarritako injustizien aurka. Egun hartan ere, arauak hautsi behar izan genituen, aretora sartu eta legegintzaldia laburbiltzen duen argazkia ateratzeko.

Helburua bete dugu: gure lana eginez, deseroso sentitu arazi ditugu, euren joko zelaian zirrikituak bilatu ditugunean.

Julen Orbegozo ,taldeko langilea