Estitxu Breñas
Legebiltzarkidea
'Euskalpelmak’ ezizena jarri ziguten, euskararentzako merezi duen estatusa defendatzeagatik.

Eta argi izan dugu 'euskalpelmak' izaten jarraitu behar genuela, euskararekin zerikusia duten aldarrikapenak eta proposamenak etengabe eginez

Euskalpelmak ginela esan zion plenoko eztabaidetako batean Carmelo Barriok (PP) Xabier Isasiri. Euskalpelmak, ezizen hori jarri zigun Barriok. Euskararekin obsesionatuta dagoela, ziotson ere Gorka Maneirok (UPyD), bere bakardadean, Xabierri.

Hori guztia, zergatik? Ba, euskararen normalizazioan urratsak emateko proposamenak egiteagatik; hizkuntza politika berria behin eta berriro aldarrikatzeagatik; euskararentzat aurrekontu duinagoa eskatzeagatik; euskal hedabideekiko aitortza handiagoa proposatzeagatik; gobernu espainiarreko delegatu Urkixoren euskararen aurkako erasoei aurre egiteagatik; euskaldunok pairatu ohi ditugun hizkuntza eskubideen urraketak salatzeagatik; ganberako sarrerako ertzainek euskarazko zerbitzua emateko eskatzeagatik...

Horregaitik, euskalpelmak gaituzte, alegia, euskararentzako herri normalizatu batean merezi duen estatusa temati aldarrikatzeagatik

Horregaitik, euskalpelmak gaituzte, alegia, euskararentzako herri normalizatu batean merezi duen estatusa temati aldarrikatzeagatik. Izan ere, PPrentzat eta UPDrentzat, baita PSErentzat ere, egungo hizkuntza politika egokia da (...esanguratsua!), ondo dago dagoen bezala, ez da beharrezkoa ezer gehiago egitea, nahikoa eta soberan egiten baita, eta gainera diru gehiegi xahutzen omen da hizkuntza politikan. Hori da beraien ikuspegia.

Hori izan da gure zelai jokoa gai honetan legegintzaldi osoan zehar.

Horren aurrean, Legebiltzarreko EH Bilduko euskara taldean garbi izan dugu une oro euskalpelmak izateari eutsi behar geniola, erdal elebakarren (...erdalpelmak akaso?) argudioak agerian uzteko... Eta borroka honetan batzuetan asmatu dugu eta bestetan ez, baina egindako guztiak balio izan duelakoan gaude. Eta eztabaidak eztabaida, ganbaran Isasi euskalpelmarekiko sinpatia giroa sortu dela ere esatera ausartuko nintzateke, euskararekiko giroa ere hobetzearekin batera. "Pelmada" emate horrek ekarri du, adibidez, Maneiro eta Laura Garrido k(PP) guri hitz egitean euskaraz egitea; lagundu izan du, agian, ganberan euskararen erabilera areagotzeko.

Taldean garbi izan dugu une oro 'euskalpelmak' izateari eutsi behar geniola, erdal elebakarren (...erdalpelmak akaso?) argudioak agerian uzteko

Gogoan ditut hasi gineneko egunak: taldeko hizkuntza irizpideak zehaztu genituen, taldean euskaraz lan egin eta bizitzeko urratsak ematen hasi ginen, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko urratsak abiatu genituen... Eta horrela, bidea egin dugu, euskaraz lan eta euskaraz bizitzen.

Erabilerak erabilera dakar, eta asko erabiltzearen ondorioz bada sufritu duenik: ganberako itzultzaileei lana areagotu zaie, EH Bilduren 21 legebiltzarkide "pelmen" jarioek nahikotxo hasi arazi baitute euskarazko produkzioa. Gaitz erdi!

Estitxu Breñas, legebiltzarkidea