Maribi Ugarteburu
Legebiltzarkidea
EH Bildu osatzen dugun kideok mila aldiz esandakoa da gure jardun politiko-instituzionala bikoitza dela, eta izango dela: hanka bat instituzio barruan, eta beste bat kalean, burujabetza eta justizia soziala helburu.

2012ko EAEko hauteskunde kanpaina oroitzen dudan bakoitzean, bi esaldi etortzen zaizkit gogora: "pertsonak erdigunean", eta "hanka bat parlamentuan, eta beste hanka kalean". Lehenengoa, EH Bilduren lelo nagusietakoa, Jaurlaritzak “lapurtu” eta bere logotipoan jarri zuen gobernua eratu ahala: "Pertsona helburu". Lau urteotan ikusi dugu gobernu honen lehen helburua pertsona batzuk izan direla: patronal handia eta elite pribilejiatua osatzen duten pertsonak.
EH Bildu osatzen dugun kideok mila aldiz esandakoa da gure jardun politiko-instituzionala bikoitza dela, eta bikoitza izango dela: hanka bat instituzio barruan, eta beste bat kalean. Etengabe. Herritarren eta gizarteko eragile eta mugimenduen begi, belarri, ahots, hanka eta esku izateko jaio baitzen EH Bildu: gizarte hau berdintasun eta justizia sozialerantz eraldatzeko, burujabetza eskuratzearen alde dauden guztien tresna izateko. Ez gutxiago, ez gehiago. Eta lau urteotako balantzea egiterakoan, parlamentutik kanpo hankak, eskuak, begiak, eztarriak eta belarriak zabaldu ditugun milaka une datozkit burura.

Tximeletak sentitzen ditut sabelean, Ondarroako Zubi Harresian bizitakoa oroituz

Tximeletak sentitzen ditut sabelean, Ondarroako Zubi Harresian bizitakoa oroituz. Edo parlamentari-txartela erakutsi arren ertzainen bultzadazko 100 metro liso modalitatea egin genuenekoa, Guardia Zibilak euskal presoen abokatuak atxilotzen ari ziren bitartean... Ez, gure kasuan bederen, ez digu babes-estaldura handirik eman ditxosozko txartelak. Baina bai balio izan digu herritarren ordezkari gisa hainbat ate zeharkatzeko; hainbat lekutan egoteko, eta ez soilik egoteko, baita leku horietan aldarrikapenen bozgorailu izateko ere.

Parlamentari txartelak balio izan digu ordezkari gisa ateak zeharkatu eta herritarren aldarrikapenak egiteko

2014ko maiatzaren 19koa horietako bat izan zen. Oraindik Espainiako printze zen Felipe VI Bilbora zetorren, sari banaketa batera Arriagara. Baina egun berean jakin genuen...
- Baliatu beharko dugu ba gure legebiltzarkide txartela!
(Denak ados)
- Baina deialdirik-edo egingo dugu?
- Ez, ez dago tarterik elkarretaratzerik edo holakorik deitzeko; egitekoa guk geuk han barruan egin beharko dugu.
Goizean pentsatu, arratsaldeko 5etan egin. Gure ongietorri partikularra eman genion, EAEko legebiltzarkide gisa, hanka bat kalean eta tximeletak sabelean, Espainiako estatuaren ordezkariari.
- (...) Adi! Badator! Zutik eta elkarri helduta!
- ERABAKITZEKO ESKUBIDEA! MONARKIA KANPORA! ¡DERECHO A DECIDIR!

Maribi Ugarteburu, legebiltzarkidea