Marian Beitialarrangoitia
Legebiltzarkide ohia eta Diputatua Madrilen
Legegintzaldian iltzatua geratu zaidan beste detailea gure lehenengo ekimena aurkeztu genueneko hartan gertatu zena da.

Etxe kaleratzeak eguneroko ogia ziren orduan, 2012an, guretzat argi zegoen ardura ezin zela kaltetuen bizkar utzi.

Legebiltzarrekoa bezalako jardun mamitsuan murgildu ostean, denborak aurrera egiten duen heinean, gauza asko atzean geratzen dira halabeharrez, ahantzi egiten dira. Baina modu berean beste batzuk iltzatuak geratzen zaizkizu betirako, une bereziak.

Etxebizitzaren gaiaren inguruan jira egin dute nire ekimen, eztabaida eta proposamenek nagusiki. Eta unibertso horretan murgilduta, badaude bi pasarte aipatuko nituzkeenak.

Lehenengoak Etxebizitza Legearekin du zerikusia. Lege mardul eta inportante horren inguruko lan gehiena ponentzia edo talde-lanean egin dugu, gainontzeko alderdietako kideekin. Deigarria da ikustea, ateak itxita edo kamerarik gabe egiten diren ponentzietan ordezkari politikoen jarrera aldatu egiten dela. Legebiltzarreko lan publiko gehiena pleno eta batzordeetan egiten da, eta publikoak dira telebistaren edo interneten bitartez. Hala, bakoitzak komeni zaion posea jartzen du, harreman normalizatuak mugatuz. Ateak itxita, aldiz, jende gutxiko talde batean lan eginda, gure artean sortutako konfiantza oso ezberdina izan da.

Deigarria da ikustea, ateak itxita edo kamerarik gabe egiten diren ponentzietan ordezkari politikoen jarrera aldatu egiten dela

Harreman eta lan on horren isla izan da Etxebizitza Legea. Etxebizitza izateko eskubidea bermatzeko egin den lanaz gain, harremanen esparruan egindakoa aipagarria izan da. Harremanen arloa, zentzu bikoitzean: legebiltzarkideen artekoa eta etxebizitzaren problematika latzaren inguruan lanean diharduten norbanako eta taldeekin izandako hartu- emana, guztiz aberasgarria.

Legegintzaldian iltzatua geratu zaidan beste detailea gure lehenengo ekimena aurkeztu genueneko hartan gertatu zena da. Legebiltzarrera sartu ginen lehen egunean, paperak egitera hurbildu eta funtzionamenduari buruzko lehen argibideak jasotzen ari ginela iritsi zen albistea: Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuen etxetik kanporatu behar zutela eta, egoera eraman ezinda. Albistea jaso bezain pronto aldamenean nuen Oskar Matuteri esan nion, “honek behar du izan gure lehen ekimena”. Inork ez zuen zalantzan jarri taldean.

Etxe kaleratzeak eguneroko ogia ziren 2012an eta guretzat argi zegoen ardura ezin zela kaltetuen bizkar utzi, erakundeek esku hartu behar zutela

Etxe kaleratzeak eguneroko ogia ziren orduan, 2012an (egunean 5 kaleratze egiten zituzten), eta guretzat argi zegoen ardura ezin zela kaltetuen bizkar utzi, erakundeek esku hartu behar zutela, bankuen irabazi goseari muga jarriz eta gizartearen onurari begira arituz. Hasierako ekimen hark beste asko izan ditu ondotik lau urteotan, eta urrats esanguratsuena etxebizitza legearekin eman genuen.

Ez zen arazo guztien konponbidea, baina bai behingoz norabide aldaketa esanguratsua, jendearen beharrak bankuen interesen aurretik jarriz, neurri batean.

Marian Beitialarrangoitia, legebiltzarkidea