Juanjo Agirrezabala
Legebiltzarkidea eta Mahaiko kidea
Ohitura da inertziak eta pribilejioak mantendu nahi dituzten horien aliaturik onena.

Ohiturak, inertziak, aldatzen saiatu gara, eta pribilejio zaharrak bertan behera uzten.

Jakin izan banu!

Lau urte ibili naiz Gasteizko Legebiltzarreko Mahaian EH Bilduren ordezkari gisa, eta lau urte hauetan hamaika aldiz errepikatu diot esaldi hori nire buruari: “jakin izan banu”.

Hain zuzen, jakin izan banu politika beste modu batera egiteak zenbat buruhauste eman dizkidan, birritan pentsatuko nukeen ardura hori hartzea. Izan ere, gure taldeak beste modu batera egin nahi izan du jarduera, eta horrek “etxe” honen inertzia historikoekin talka egin du.

Politika beste modu batera egin nahi izateak, etxe honen inertzia historikoekin talka egin du

Legebiltzarreko Mahaia da ganbera goitik behera kudeatzen duen organoa. Ia astero biltzen gara 5 kide (bi jeltzale, EH Bilduko bat, sozialista bat, eta PPko bat), tartean presidentea, eta mahai horretatik pasatzen dira erabaki guztiak: argindarraren kontratuetatik osoko bilkuretara eramango diren gaietara. Guzti-guztia. Eta osotasun absolutu horretan, noski, ikuspuntu ezberdin asko tokatu zait defendatzea.

Erakunde anakroniko bat da Gasteizko legebiltzarra. Jendarteak etorkizunera begira bi urrats ematen dituenean, ganbera honek bakarra egiten du. Anakronikoa da, adibidez, legebiltzarkide batek baino gehiagok kotxe ofiziala erabiltzea etxetik bere lanposturaino iristeko. Edo hainbat erakundetako sarrerak jasotzea operak, musikaldiak, antzerkiak eta abar ikustera joateko. Beste garai bateko pribilejioen irudia da, kasu askotan.

“Ohitura da inertziaren bolante itzela, jendartea mugitzen duena. Ohitura da gauzak bere horretan mantentzea nahi duenaren aliatu onena”. Ideia hori entzun nion filosofo bati.

Legebiltzarrera ekarrita, ohitura da pribilejioak mantendu nahi dituzten horien aliaturik hoberena. Eta EH Bilduk inertzia horiek aldatzeko lana egin du. Askotan porrot egin dugu,gure txikitasunean, eta beste askotan, ohitura horiek bere horretan mantendu nahi izan dutenek ez dute aldatzeko beste aukerarik izan.

Gogoan dut adibide xume bat, legegintzaldia hasi zenekoa. iPad-en teknologiak eztanda egin zuen garai hartan. Hala, Mahaiko beste hiru alderdietako kideek normaltzat hartu zuten legebiltzarkide bakoitzaren lanerako tresnen artean iPad bat ere sartzea (ordenagailu eta mugikorraz gain). Gureei uko egin genien eta publikoki salatu genuen. Publiko egitearekin batera, oihartzun ikaragarria izan duen albisteak. Gainontzeko taldeak gorritu eta gure atzetik joan ziren. Horrelako beste hainbat adibide egon dira legegintzaldian zehar.

Legebiltzarrera ekarrita, ohitura da pribilejioak mantendu nahi dituzten horien aliaturik hoberena

Gauza bera egin dugu beste gai askorekin. Eta asteroko beraien aurpegiak ikusita, gure politika egiteko modua ez dutela gustukoa esan dezaket.

Juanjo Agirrezabala, Mahaiko legebiltzarkidea