Pribilejioei uko egin, pribilejioak salatu

Legebiltzarkideok lan egiteko kit-a jasotzen dugu legegintzaldi hasieran: ordenagailu eramangarria, telefonoa eta interneterako konexio eramangarria. Aurreko legegintzaldian kit horretan i-Pad bana sartzeko erabakia hartu zuen Arantza Quiroga (PP) presidente ohiak. 220.000 euroko gastu gehigarria ekarriko zuen erabaki hark. Hala, EH Bilduk legebiltzarreko Mahai berrian eskatu zuen erabakian atzera egitea. EAJk, PSEk eta PPk, aldiz, muzin egin zioten koalizioaren eskariari.

EH Bilduk salaketa publikoa egin zuen eta i-Pad-ei uko egingo ziola iragarri. Hala, koalizioaren erabakiak eta kaletik sortutako presio sozialak derrigortu zuen presidente berria i-Pad-ak erosteari uko egitea.