Ustelkeriaren klasikoa: obren esleipena ustezko kostuaren azpitik, gainkostuak, konexio politikoak

Pasaiako portuko lonja esleitzeko prozedura kaotikoa izan zen. 2011an hasi zen 14,9 milioi euroko aurrekontuarekin eta bi urteko epearekin. Lau urte beranduago, obrak bukatu gabe zeuden eta 23 milioi euroko aurrekontua xahututa. Fiskaltzak 6 delitu ikertzeko agindua eman zuen.

EH Bilduk Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburuari galdera egin zion kontrolerako osoko bilkuran, portuen eskumena hemen kudeatzen zela nabarmenduz, eta Jaurlaritzak bere ardurak hartu behar zituela gaineratuz. “Jokabide klasikoa da: obrak azpitik esleitzen dira, hasieran aurreikusita ez zeuden gainkostuak agertzen dira gero eta, amaitzeko, konexio politiko zehatzak dituzten enpresa batzuk aberastu egiten dira", salatu genuen 2016ko maiatzeko bilkuran.

Horrez gain, obrak egin zituen aldi baterako enpresa-elkartearen enpresen erantzukizuna mahai gainean jarri genuen. Izan ere, enpresetako bat Lurgoien da, Balzola enpresa eraikitzaile handiaren filiala. Lurgoien EAJrengandik gertu mugitzen da eta bere izena behin eta berriz agertzen da instituzioek bultzatutako eta diru publikoarekin ordaindutako proiektuetan (Donostiako Metroa, Eibarko ospitalea...).