Kirola lehiaketetara eta errealitatera egokituz

Lehiaketako Euskal Esparrua sustatzeko arrazoia, lehiaketa eredua egungo kirol egoera eta egoera sozial eta ekonomikoari egokitzeko beharra da. Helburua da, lehiaketa egituren arrazionalizazioa bultzatzea, eta errendimenduko eta errendimendu handiko kirolera zuzentzen diren baliabide ekonomiko publikoak optimizatzeaz gain, kirolarientzat eta kirol taldeentzat lehiaketa erakargarriak eraikitzea, kirol lorpen ikuspuntutik.

Kirolari eta kirol taldeentzat erakargarriagoa izango den lehiaketa markoa eraikitzeko lan ildoaz ari gara, beraz. Lehiaketarako esparru edo marko hori EAEtik abiatzea proposatu dugu, Euskal Herri mailara jauzi egiteko ondoren, eta inguruko herrialdeekin elkarlanean aritzearekin batera. Irizpide desberdinak kontuan izanik: kirol lorpenak, nazioartean erreferentziak eta ezagutza lortzea, baliabide ekonomikoak optimizatzea, eta abar.

EH Bilduk 2013ko abenduaren 11an, “Kirol lehiaketan Euskal Esparrua garatzeari” buruzko proposamen bat egin zuen. 2014ko otsailaren 27an eztabaidatu zen eta erdibideko proposamena onartu. Hala, gobernuak kirol batzuk identifikatu eta lehenetsi ditu ekimena garatzeko. Momentuz, emandako urratsak motz gelditu dira, izan ere, soilik errugbyan garatu da marko berri hori, EAEko Federazioaren gidaritzapean.

Bestalde, Euskal Selekzioak hainbat kiroletan jokatutako partidatan egon gara, gizonezkoen zein emakumezkoenetan, biak parean jarriz eta diziplina guztiei garrantzi bera emanez.