Etaparik zailenak ez dira errepidean jokatzen

Emakumeen Bira maila goreneko txirrindularitza lasterketa da. 2016an, ordea, World Tourretik kanpo geratu da ezin izan duelako UCIk ezarritako baldintza berria, hots, telebista-kate batek lasterketaren jarraipena egitea, garaiz ziurtatu. Antolatzaileen izerdiari esker eta EH Bilduk legebiltzarrean eta EITBren Administrazio kontseiluan egindako lanari esker, lortu dugu, ordea, 2016an lehenengo aldiz ETBk Biraren jarraipena egitea. Aurten ez ezik, datozen urteetan ere ETBk Biraren jarraipena egiteko konpromisoa lortu dugu, 2016ko apirilaren 14ean Legebiltzarrean gure proposamena aho batez onartuta.

Emakumeen Bira ez da salbuespena. Horregatik, kirolean parekidetasuna sustatzeko lan iraunkorra egin dugu. Hemen ez dugu oraindik denok jolasten eta, are gutxiago, antzeko baldintzatan. Diru publikoaren banaketa ere izugarri desorekatua da. Esaterako, Euskal Herriko txirrindularitza Itzulian, gizonezkoenean, 837.000 euro jartzen ditu Lakuan. Emakumeen Biran, aldiz, 64.000 euro. Hortaz, Emakumeen Birak Gizonen Itzuliak jasotakoaren %7,6 jaso du aurten Jaurlaritzatik.

2016ko ekainaren 13an, hain zuzen, gure beste proposamen bat onartu zuen legebiltzarrak diru publikoaren banaketa justuagoa egiteko.