Balioen kultura, eta tokiko zein barneko aldaketak eta elkarbizitza sustatzen dituen Hiriburutza

Donostia 2016ren egitasmoa Donostiako udaletik kudeatzea egokitu zitzaion EH Bilduri, eta legebiltzarretik bultzatzea. Hala, batetik, egitasmoarekiko logikoak diren zalantza guztiak gaindituz (egitasmoaren handitasuna, kultura sektorearen egoera larria, eta kapitalaren Europan sorrera duen egitasmoa izatea), eta herria, balioak eta eraiki nahi dugun herrietako Europa ardatz, ilusioz ekin genion lanari, eredu parte-hartzailea bultzatuz. Hala nola, iparra turismoan jartzen ez duen Hiriburutza aldarrikatu genuen, tokiko eta barneko aldaketak eta elkarbizitza sustatzen dituena. Baina bide horretan EH Bildu udal gobernuan egon bitartean oztopo bat bestearen atzetik izan zen jasotako “laguntza guztia”, Madrilgo gobernutik, Jaurlaritzatik, legebiltzarretik bertatik, nahiz Udaletik.

Egun balioetan oinarritutako eredu parte-hartzailea bultzatzen jarraitzen dugu dagokigun eremutik, inori oztopoak jarri barik, baina bai salatuz, baita legebiltzarrean ere, udal gobernu berriak hartutako erabakiak: Kortxoenearen eraisketa, Kalostraren itxiera, Zezenak kulturaren ordez… eta beste maila batean, Bellas Artes dekapitatzea, Usoa bukatu gabe egotea, Haizeetako Orrazia ere konpondu ezinik ibiltzea...