Kultura gastu legez Jaurlaritzak, ez inbertsio legez

Kultura terminoa oso labainkorra da, eta tamalez halakoxea da berarekiko tratua ere; tamalez diogu, kontuan hartzen badugu kultura dela biderik naturalena eta sendoena gizartea kohesionatzeko, batez ere gaur egun bizi dugun asimilazio eta globalizazio kulturalaren aurrean.

Kulturak jendartea egituratzen du, identitate iturria da, balioak transmititzen ditu, begirunea ardatz. EH Bildurentzat kultura inbertsioa da eta ez gastua: zentzu honetan, Jaurlaritzaren aurrekontuak ikusi besterik ez dago jabetzeko kulturari ematen dion pisu penagarriaz, aurrekontu osoaren % 0,49 soilik, hain zuzen. Jaurlaritzarentzat kultura gastua da, sektorea gero eta egoera itogarriagora eramanez.

Zintzoak izan nahi dugu eta autokritika egiten dugu nahi adina eragitea ez dugulako lortu.

Gainera, salatu dugu Lakuaren eta EAJren “kultura politika” ikusle pasiboak sortzen dituen makrokulturari begirakoa dela, eta ez herritar aktiboak hezten dituen oinarrizko kulturari begirakoa. Ondorengo datuek berresten dute baieztapen hori: Kultura sustapenean inbertitu diren 35 milioietatik, Tabakalerak 3 jaso ditu, eta D2016-k, 5. Sustapen partidaren laurdena, hain zuzen. Ondarearen ataletik, Guggenheimek 4,5milioi jaso ditu. Ondare partidaren laurdena, kasu honetan ere.

Horren aurrean, ekimen desberdinen bitartez agerian utzi nahi izan dugu Jaurlaritzaren eta Kultura Sailaren inakzioa, kultura politika. Baina aitortu behar dugu mikrokosmo ugariz osatutako kultura ekosistema anitza oposiziotik kudeatzea kostatu zaigula. Eta ondorioz, zailtasunak izan ditugu gure eredua definitu eta horren arabera globalki eragiteko, eta ez sektorialki, egin dugun legez.

Iruditzen zaigu egungo kultura politikaren ereduak muga jo duela eta eredu berria birpentsatu behar dela. Horretarako, funtsezkoa da eragileak entzutea.

Zentzu horretan iruditzen zaigu egungo kultura politikaren ereduak muga jo duela eta eredu berria birpentsatu behar dela. Iruditzen zaigu kultura politikaren bigarren belaunaldia etorri behar dela. Eta horretarako funtsezkoa da egindakotik eta ez egindakotik ikastea, eragileei entzutea eta eragileekin politika adostuak diseinatzea, parte-hartze gune errealak eraikiz.