Ikus-entzulearen babesle figura, besteak beste, hartu beharreko neurri bat

Albistegien nolakotasuna hedabideen ezaugarri nagusietakoa da. Independentzia, objetibotasuna, aniztasuna… hedabide publikoen lerro informatiboan auzitan jarri ezin daitezkeen irizpideak izan behar dira.

EH Bilduren aburuz, EITBren ildo editorialak sarritan urratu ditu aipatu irizpideak. Agintean den gobernuaren jarduera goresteko joera, albistegietan beronen gehiegizko presentzia, eta kasurik txarrenean, notizia konkretuak ezkutatzeko saiakerak ere izan dira, baita legegintzaldi honetan zehar ere.

Halakoak gerta ez daitezen ezarri beharreko kontrol mekanismoak dira gakoa. EH Bilduk nagusiki bi neurri proposatu ditu legealdi honeta: lehena, albistegien arduradunak hautatzeko karrera profesionala ezarri beharra,alegia, froga bidez hautatuak izatea kontuan izanik egun, guztiak ere konfiantzazko karguak direla; eta bigarrena, Ikus Entzulearen Babeslearen figura, ikus entzuleek izan ditzaketen kexak bideratzeko zerbitzua, hainbat hedabidek jada daukaten bezala.