Euskal esparru komunikatiboa irudikatu eta arautzeko beharraz

Herri bertebrazioa ezin da ulertu, herri horretako hedabideentzat, ezaugarri propioekin propio egin gabeko lege marko eta arautzailerik gabe. Are gutxi, hizkuntza gutxitua eta burujabetzarik ez duen herri batez ari bagara.

Sarritan hitz egin da EITBren 1982ko sorrera Legea aldatu beharraz. Zaharkitua geratu den lege horretaz, izan ere, hedabideen esparruan egondako bilakaerek ezinbesteko egiten dute. Hainbatetan defendatu dugu EH Bildutik ere.

Hala ere, EITBren Lege aldaketarekin bateragarri, euskal esparru komunikatiboa osotasunean definitu eta arautzeko beharraz aritu gara batik bat, beste alderdi guztiek osotutako harresiaren kontra joaz etengabe. Horretarako Ikus-Entzunezkoen Lege propioa dagokion Kontseiluarekin abiapuntua da, programazioaren, operadoreen, emisioen, hizkuntza ehunekoen… oinarrizko arauketa bat egin ahal izateko.

Etorkizun hurbilean nahitaez hartu beharreko erronka da oihaneko legetik at gure etxea txukuntzen hasteko.