EiTB sexismotik aldentzeko ekimenak

Hedabideak sozializazio tresna indartsua direla kontuan izanda, arreta berezia jarri dugu EITBren edukietan. Izan ere, EITB hedabide publikoa izanda, balio eta harreman-eredu sexistak gainditzeko paper eredugarria jokatu beharko lukeela uste dugu.

Hautsak harrotu zituen 2014ko ekainean ETB2n eskaini zuten Cuadrilla Busca Cita programak, sexismoz gainezka agertu zitzaigulako. Gau horretan eta hurrengo egunetan #ETBnSexismorikEz traolak sare sozialak bete zituen eta EHBilduk EITBren Administrazio Kontseiluan eta legebiltzarrean programa kentzeko eskaera egin zuen. Denon indarrari esker, EITBk programa erretiratu zuen.

Lorpena gazi-gozoa izan da, ordea, ikusita EITBk estereotipo eta rol sexistak indartzen dituzten programak, edukiak eta ideiak zabaltzen jarraitzen duela. Argi daukagu ordea, EITBk harreman-eredu alternatiboak, horizontalak eta askeak sustatu behar dituela. Zer ikusi, hura ikasi. Horregatik, 2014ko otsailean, ETB3 haurrentzako katean edukien azterketa bat egitea proposatu genuen, pertsonaia protagonisten sexua, ezaugarriak, balioak, harreman-motak, estereotipoak, edukien mezuak, etab. aztertuko zituena. EAJk atzera bota zuen gure proposamena, ordea, beharrezkoa ez zela iritzita.