Oinak lurraldean, eta burua etorkizunean

Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan 85.000 etxebizitza hutsik egoteak badu zerikusirik gure lurraldea antolatzeko moduarekin. Bizkaian ziklo konbinatuko lau zentral izateak, merkatal gune erraldoiak eraikitzen jarraitzeak, herritar gehienei zerbitzurik emango ez dion Abiadura Handiko Trenaren aldeko apustua egiteak... horrek guztiak ere badu zerikusirik lurraldea antolatzen dugun moduarekin.

Hala, Lurraldearen Antolamendurako Gidalerroek (LAG) arautzen dute hori guztia. Gai teknikoa dirudien arren, erabaki politikoen menpe dago goitik behera. Eta zentzu horretan, EH Bilduk lan politikoa egin du legebiltzarrean, LAGek herri ikuspegidun garapen jasangarriago baten alde egin dezaten.

1997an onartu ziren eta jada gaur egungo errealitate ekonomiko eta sozialaren ikuspegitik zaharkituak daude. Hala, berrazterketa kritikoaren beharra eraman dugu ganberara. Gainera, berrazterketa hori ezinbestean herritarren parte-hartzearekin egin behar zela defendatu dugu. Baita lortu ere. 2013an ekimena onartu zen eta Jaurlaritzak, kostata, baina ekin dio berrazterketa prozesuari legealdi bukaeran: eskualdeka eta sektoreka hasi dira hausnarketak.