Etorkizuna hipotekatu nahi digute

Honezkero 6.000 miloi € publiko hipotekatu dituzte Euskal Y-aren proiektuan. Hipoteka pisutsua gure etorkizunerako, ezbairik gabe.

Legegintzaldi honetan gai honetan izan dugun lan ildo nagusia hurrengoa izan da: AHT zilegi eta beharrezko egingo lukeen kostu/onura azterketarik ez dagoela publiko egitea. Alegia, ze mesede egingo digu? Ze ondorio positibo izango du ekonomian? Jaurlaritzak azterketa seriorik egin gabe ekin zien obrei. Eta, badirudi, emaitzak ikusita, ez duela asmorik horrelakorik egiteko.

EH Bilduk bilkuretan eta batzordeetan zuzenean galdetu die hainbat aldiz Jaurlaritzaren bozeramaileei gai honetaz. Gainera, horrelako azpiegituretan kostuak eta onurak aztertzen adituak direnak ekarri ditugu ganberara, testigantza eman dezaten (estatu mailan ez omen dago abiadura handiko trenik zeinek ez eraikuntza eta ezta ustiapeneko kostua berreskuratzen duenik); eta birritan proposatu dugu aipatutako txostena EHUko aditu talderen batekin egitea. Bietan muzin egin diote kostu/onura txostena egiteari, baina, era berean, agerian utzi dugu galdera ugari erantzun gabe uzten ari direla historiako obrarik handienean.