Adierazpen politikoetatik harago...

Hamaika aldiz Gasteizko Legebiltzarrak adierazpen politikoa egin du Garoñaren itxieraren alde. Bukatu berri dugun legegintzaldian behin baino gehiagotan egin du pronuntziamendua, eta gauza bera gertatu da aurrekoetan. Aldiz, oraingoan bada berritasunik: lehenengo aldia izan da adierazpena aho batez egin izan dena. Izan ere, presio sozialaren eraginez, oraingoan Alderdi Popularra ere gaineratu da adostasunera.

EH Bilduk bultzatu ditu adierazpen horietako asko. Baina, hor ez da Garoña eta energia nuklearraren inguruko lanketa amaitu. Bi ardatz izan ditu gure lau urteko periplo honek atal honetan: lehena, agerian uztea gainontzeko taldeek lobby energetikoari benetan eta praktikan aurre egiteko duten ezintasuna; eta bigarrenik, Jaurlaritzak, erakunde gisa, askoz ere gehiago egin dezakeela Garoñaren itxieraren alde.

Hortik abiatuta, itxieraren aldeko ekimenetatik harago joan gara: Nuclenor enpresaren (Garoñaren jabea) agerraldia eskatu genuen; biltegi nuklearrari helegitea jartzeko ekimena bultzatu genuen; Jaurlaritzak Iberdrola eta Endesarekin harreman ofizialak etetea eskatu genuen...