Ingeniaritza juridikoa, 'fracking'-a EAEtik uxatzeko

Fracking-a Jaurlaritzak egin duen politika energetikoaren irudi perfektua izan da legegintzaldi honetan: erregai fosilen aldeko apustu garbia, enpresa pribatuen mozkinak interes orokorraren gainetik jartzea eta herritarrei eztabaida eta informazioa ezkutatzea.

Haustura hidraulikoaren mugarri garrantzitsuena 103.000 herritarrek sinatutako Fracking-a debekatzeko Herri Ekimen Legegilea (HEL) izan da. Fracking Ez Araba kolektiboak aurkeztu zuen 2013ko abenduan, eta azken testua 2015eko ekainaren 30ean onartu zen. Bitartean, EH Bilduk izan zuen lan zail bezain garrantzitsua: fracking-aren aurkako plataformekin landutako eta adostutako hobekuntzak egitea jatorrizko testuari, Madrileko gobernuak aurkeztu zezakeen errekurtsoa ekiditeko.

Hala, EAEko eskumen propioak baliatzea proposatu zuen Gasteizko Legebiltzarrean koalizioak, eta baita onartu ere. Babes hirukoitza ezarri zen fracking-a saihesteko, Lurzoru legea, Uraren legea eta ingurumen ebaluazio estrategikoaren gaineko eskumenak aprobetxatuta. Legebiltzarreko osoko bilkuran talde guztiek azken testuaren alde bozkatu zuten, EAJk ezik (abstenitu egin zen).

Alta, legearen baitan egindakoa ez da EH Bilduk gai honetan egin duen lan bakarra. Arestian aipatu moduan, Jaurlaritzak ez du asmorik izan haustura hidraulikoa alboan uzteko. Horrela, fracking-aren egoeraren "monitorizazio" lana orokorra eta jarraitua izan da: eskatutako baimenen inguruan dokumentazioa eskatu, Jaurlaritzak dituen asmoez galdetu, enpresa zulatzaile energetikoekin egindako hitzarmenen kopia eskatu, Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi S.A enpresa publikoaren aurrekontuak zaindu... Horiek guztiak egin ditu EH Bilduk, kalean fracking-aren aurka zegoen iritzi orokorrari segida politiko-instituzionala emateko.