Ikastetxeen artean dauden desorekekin bukatzeko neurriak aldarrikatu ditugu

Euskadiko Eskola Kontseiluak ohartarazi bezala, ikasle etorkinak ikastetxe publiko zehatz batzuetan kontzentratzen dira. EH Bilduk arazo horri heldu dio, eskola horiek ghetto bilakatzeko arriskua bistakoa delako. Hezkuntza sistema integrazioa eta kohesio soziala sustatzeko lehen mailako tresna izanik, Jaurlaritzari neurri eraginkorrak har ditzala eskatu diogu etorkinak artatzeko orduan ikastetxeen artean dauden desorekak eta bereizketak amaitzeko. Ikasle etorkinen kopuru handia duten ikastetxeei baliabide gehiago emateko ere eskatu diogu, behar bereziak dituzten heinean, baliabide gehiago eskaini behar zaizkielako ikasleei arreta egokia eman ahal izan diezaieten.