Herritar guztiek euskaraz ikasteko eskubidea izan dezaten legea aurkeztu dugu

Indarrean dagoen legediak berak dioen bezala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialetan nahikoa ezagutza lortu behar dute derrigorrezko eskolaldia amaitzen dutenean.

Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Hizkuntza ereduen sistemak ez du horrelakorik bermatzen eta, ondorioz, ia eskola-komunitate osoa bat dator sistema hori gainditu beharrarekin.

EH Bildu ados dago diagnostikoarekin eta erantzun zehatza eman dio: Sistema ez unibertsitarioan hizkuntzen erabilera arautzeko legea proposatu dugu, hizkuntza ereduen sistema gainditzeko eta murgiltze eredu gehigarria ezartzeko, betiere malgutasunez, ikastetxeen autonomia aintzat hartuta eta ikastetxe bakoitzaren errealitate soziolinguistikoaren arabera.

Legegintzaldiko azken ikasturtean aurkeztu da eta gainontzeko taldeek tramitera onartzeari trabak jarri dizkiote. Hala, ez du tramitazioan aurrera egin, baina hurrengo legegintzaldiari begira hazi polita utzi du, hizkuntza ereduen sistema gainditzeko bidean.