Gure hezkuntza sistema, herritik herriarentzat eraikitzearen alde

Euskal Herriak berezko hezkuntza sistema publikoa behar du, arlo horretan dituen beharrei erantzungo badie. Norabide horretan oinarriak ipintzea eta dagoeneko aurrerapauso sendoak ematea ezinbestekoa izanik, LOMCE Madrilgo gobernuak bide horren erdian jarri digun harresia da. Lege horrek errotik erasotzen du gure hezkuntza sistema eta, beraz, derrigorrezkoa da horren aplikazioari ezetz esatea.

Eskola-komunitate osoak tinkotasunez ezetz esan dio LOMCEri. Eta tinkotasun hori bera eskatu diogu, behin eta berriro, Jaurlaritzari arlo politiko eta instituzionalean. Aldiz, Lakuak hitzez bakarrik egin dio aurre. Praktikan Heziberriren bitartez aplikatu egin du.

EH Bilduk hamaika aldiz eskua luzatu dio Jaurlaritzari, legebiltzarretik at eskola komunitateak izan duen irmotasuna arlo politikora eramateko.

2013ko azaroan ganberako osoko bilkuran eztabaida monografikoa egin zen, EH Biduk eskatuta. Ebazpen bakarra aurkeztu genuen, baina oso esanguratsua, eta LOMCEren oposizioaren oinarri tinkoa ezartzeko abiapuntu egokia: ponentzia zehatza sortzea proposatu genuen, eragileekin batera LOMCEri aurre egiteko ibilbide orria diseinatzeko.