Bizi baldintzek eta sexu-generoak osasunean eta gaixotzeko moduetan eragina dutelako

Osakidetzak 30 urtetik gora ditu baina orain arte ez du sekula prozesu integral, planifikatu eta kontzienterik egin parekidetasunaren norabidean.

2014ko abenduan lortu genuen Osakidetzak Berdintasun Plan bat egin eta garatzeko konpromisoa aurrera ateratzea. Osakidetzak diagnostiko bat egingo du, sexu-genero aldagaia kontuan hartuta, ondo egiten dituen eta hobetu beharko lituzkeen alderdiak identifikatuz, arreta berezia jarriz emakumeen egoera, arazo eta beharrei; eta, diagnostikoan oinarrituta, Berdintasun Plan bat diseinatu beharko du langileen eta arduradunen parte-hartzearekin. Horren ondotik, Plana garatzeari ekin beharko dio, horretarako beharrezkoak diren egiturak sortuz eta bitartekoak jarriz.

Kalitateko osasun-sistema publiko batentzat ezinbestekoa da baldintza sozialak aintzat hartzea, pertsonen osasunean baldintza biologikoek bezainbeste eragiten baitute baldintza sozialek, hala nola, sexu-generoak, klase sozialak eta adinak. Jendarte sexista batean bizi garen neurrian, sexu-generoak erabat baldintzatzen ditu pertsonen bizitzak, gizon gisa edo emakume gisa bizitzea erabat ezberdina baita.