Presio sozialak, presio politikoa lagun

Gure jarduera drama pertsonalekin lotu da zenbait kasutan. C hepatitis gaixotasuna duten kasuak izen abizenekin ezagutu ditugu. Behin betiko hepatitisa sendatzeko botika hartzeko eskubidea aldarrikatzen zuten, eta eskubide hori Osakidetzak eman ziezaiola gaixorik zeuden guztiei. Alta, guztira 2.000 gaixo baino gehiago zeuden arren, 2015ean kopuru horren laurdenari bakarrik eman zitzaion botika, larrienei hain zuzen.

EH Bilduk gaixotasun batetik sendatzeko eskubidea ere, unibertsala dela defendatu du. C hepatitisa duten pertsonekin batzartu da, antolatzea eskatu zaie, eta euren aldarrikapenak ganberara eramateko gonbidapena luzatu. Adostasun zabaletatik abiatuta landu dugu gaia.

Ildo horretatik, badirudi Jaurlaritzak presio soziala eta politikoa sentitu behar izan duela mugitzeko. Gasteizko Legebiltzarrean 2014ko ekainean iragarri genituen lehenengo ekimenak, kaltetuen zenbait kasu ezagutu ondoren. Urte bete beranduago, idatzizko galderak eta interpelazioak egin eta kaltetuen aldarrikapenak batzordean entzun ondoren, ganberak EH Bilduren ekimen garrantzitsua onartu zuen, EAJren abstentzioa kenduta gainontzeko alderdien babesarekin. Hala, gaixo guztiak sendatzeko "ibilbide orri" jakina egitea eta publiko egitea eskatu zitzaion Lakuari.