Ospitalea sare publikoan integratzeko eskaria

Lau urtean hiru aldiz eskaera berdina egin dio Gasteizko Legebiltzarrak Jaurlaritzari: urratsak eman ditzala Gipuzkoako Onkologikoa ospitalea Osakidetzaren sare publikoan integratzen hasteko eta urrats horiek zeintzuk diren adierazi zitzaion. Insistentziaren arrazoia: Osasun sailak ez du norabide horretan urratsik emateko borondaterik adierazi.

Onkologikoaren etorkizunak kolokan jarraitzen du, eta kudeatzaileek nahiago izan dute interes pribatuei ateak irekitzea eta bertako espazioak osasun esparru pribatuko bestelako espezialistei zabaltzea. Gure helburua bestelakoa da: etekin pribatuari ateak ixtea, Onkologikoa monografikoa izatearekin, onkologia eremuan sakondu eta indartzea integrazio funtzionala gauzatuz. Izan ere, bere finantzazioaren %85 diru publikoarekin egiten da. Kudeaketa, aldiz, pribatua izaten jarraitzen du.

Ganberak EH Bilduren ekimenez integrazioa gehiengoz (EAJ eta PPren aurkako botoekin) eskatu zuen azken aldia 2015eko apirilean izan zen. Hiru urrats proposatzen genituen: Donostiako ospitaleko medikuei Onkologikoko espazio eta zerbitzuak erabiltzeko bidea irekitzea; bi erakundeen arteko elkarlana areagotzea; eta finantzazioan hobekuntzak egitea.