Jaurlaritzak Rajoyren inposaketak prestu eta gustura betetzen dituenaren adibide garbia

2012ko apirilean Rajoyren gobernuak osasun publikoaren unibertsaltasun eta ekitateari beste kolpe bat eman zion: botikak zergen bidetik ordaintzeaz gain, farmazian berriro ordaintzeko dekretua onartu zuen, estatu osoari eragingo ziona.

Jaurlaritzak jendartea nahastu zuen: aurka zegoela esan, ez aplikatzeko neurriak hartuko zituela iragarri, baina azkenean aplikatu egin zuen. Bere burua zuritzeko pentsionista eta etorkinentzat laguntzak atera zituen Jaurlaritzak, berrordainketa saihesteko neurri moduan. Baina kolektibo horretara ere ez dira laguntzak heldu, laguntza izan dezaketen 5 lagunetatik batek bakarrik eskatzen baitu. Beraz, EAEko 100 biztanletik lauk bakarrik jasotzen dute laguntza hori. Edo beste modu batera esanda, propagandatik harago, EAEko biztanleen % 96ak gure botikak bi aldiz ordaintzen ari gara, hau da, berrordainketa inposatua pairatzen dugu. Alegia, berrordainketa bete-betean aplikatzen da. Beste botika batzuk babes sozialetik kanpo geratu dira eta prezioek gora egin dute ere.

EH Bilduk hainbat proposamen zehatz jarri ditu legegintzaldian mahai gainean, berrordainketa saihesteko. Guztira 6 legez besteko proposamen eraman ditugu osoko bilkurara, 2012ko abenduan lehenengo aldiz, eta 2015eko urtarrilean egin genuen azken saiakera. Saihesbide anitz planteatu izan dira, besteak beste:

  • Osasun-funts jakina sortu zezala Jaurlaritzak, berrordainketaren ondorio ekonomikoak administrazioak bere gain hartzeko.
  • Osasun eskubide eta betebeharrak arautzeko lege bat egitea, Rajoyren dekretuaren gainetik, legez, berrordainketa ekiditeko.
  • Txosten juridikoa egitea, berrordainketari aurre egiteko zirrikituak berme juridikoekin eta beste lurraldeetan abian jarritako bideak aztertu eta agerian uzteko.
  • Indarrean dauden diru laguntzen sistema orokortzea, eta tramiteak murrizteko irtenbide teknikoak mahai gainean jartzea, laguntzak automatikoak izateko.
  • Guztietan jarrera bera izan du Jaurlaritza sostengatzen duen alderdiak: berrordainketaren aurka hitzez, baina berrordainketa aplikatzearen alde ekintzez. Osasun publiko, unibertsala eta kalitatezkoan Jaurlaritzak eman duen beste atzerapauso bat agerian utzi dugu, finean.