Aparteko lanorduak ezabatuz pazienteari mesede

Osakidetzak 11 bat milioi euro gastatzen ditu auto-hitzarmenean. Alegia, arrunta den lana egiteko 11 milioi euro gastatzen ditu langileei ordaindutako aparteko orduetan. Osakidetzako itxaron zerrendak eta auto-hitzarmena (autokontzertazioa) elkarrekin doaz. Izan ere, ebakuntza arruntak egiteko auto-hitzarmenetara jotzen du zerbitzu publikoak, diru eskerga gastatuz eta itxaron zerrendak geldotuz. Pazientearen kaltetan.

Hala, EH Bilduk legegintzaldi osoan zehar mahai gainean jarri du proposamen zehatza: Osakidetzaren langileen artean arratsaldeko ohiko txanda ezartzea, kirurgian eta espezialitateetan. Horrela, aparteko orduak ekidin eta itxaron zerrendak arinduko lirateke. 2013ko ekainean proposamena jarri genuen mahai gainean. Ezetzi egin zen, baina itxaron zerrenden gaitza eta aparteko orduen diru xahuketarekin bukatzeko alternatibarik onena zela agerian geratu zen.

Aldiz, gure tresnarik baliogarriena alor honetan legebiltzarreko taldeek Jaurlaritzari informazio zehatza eskatzeko duten eskubidea izan da. Hala, informazio eskarien bitartez informazio baliogarria eta datu zehatzak eskuratu ditugu auto-hitzarmenaz. Osakidetzako eragileekin harremanetan egon gara, datuok jakinarazteko eta elkarlanean jarduteko.