Publikoa dena publiko izaten jarraitzeko ekimena

Badago Osasun publikoaren zerbitzuak pribatizatzearen tendentzia orokor bat, Euskal Herriko lurraldeetatik harago doana. Osakidetza ez da salbuespena. Legegintzaldi honetan Osasun sailak administrazio publikotik kudeatu beharko liratekeen zerbitzuak kanpoko enpresen esku utzi ditu. Bere araudian jasorikoa ere ez du bete. Osakidetzako sindikatuen salaketak gertutik jarraitu ditugu, salaketa horiek alor politikora ekartzeko.

Gurutzetako ospitaleko (Bizkaia) sukaldearen kudeaketa pribatizatu nahi izan zuen Osasun sailak; gauza bera, Santiago ospitaleko (Araba) arropa-garbiketarekin. Zaintza aringarrietan ere pribatizazioari atea ireki dio. Sindikatuekin batzartu, euren agerraldia eskatu, Osasun sailaren asmoak ezagutu eta, azkenik, ekimenak aurkeztu ditugu, publikoa izan behar dena administrazio publikotik zuzenean kudeatzeko.

Azken lan ildoa Urdulizko ospitale berriarekin izan dugu. Inprobisazioa nagusi izan da eta zerbitzuen pribatizazioari ateak irekita utzi zaizkio. EH Bilduk osasun arloko sindikatuak gonbidatu zituen Gasteizko Legebiltzarrera, eta legez besteko proposamena ekarri zuen ganberara.