Egon badago beste seguritate eredurik

Euskal Herrian 23.000 polizia inguru daude. 3 milioiko populazio batekin, ondorioztatu daiteke polizi bat dagoela 130 biztanleko. Beste era batean esanda, 7,6 polizia mila biztanleko. Datu zehatzik ez badago ere, kopuru horiek mantentzeak 1.500 milioiko aurrekontua du. Zenbaki hauek ez dute parekorik Mendebaldeko Europan. Baina polizien arteko funtzioen eta eskumenen banaketa kaos hutsa da.

Interes politiko eta alderdikoietatik sortutako eredu horrek alternatibarik ez duela sinestarazi nahi digute. Ez da horrela. Beste seguritate eredu bat posible da. Alta, horretarako neurri sakonak hartu behar dira: Lehenik, indar espainolek (Guardia Zibila, espainiar Polizia, Ejerzitoa…) atzera egin behar dute (horrela erabaki zuen Legebiltzarrak EH Bilduren ekimenez); bigarrenik, hemengoak diren poliziak depurazio prozesu baten ondorioz, dituzten funtzioak, protokoloak, instrukzioak, tresneria eta jarrera eraldatuta, berregokitu behar da beste zerbitzu batzuekin koherentzian.

EH Bilduk defendatu duen eredua seguritate eredu integral bat da, ez erreaktiboa edo errepresiboa, baizik eta delituen prebentzio eraginkorrean oinarritutakoa, emergentzietako eta erreskate zerbitzuekin koordinazio funtzional egokiarekin eta birdimentsionatutako poliziarekin.

Eredu hori defendatzeaz gain, presentzia polizial itogarri hori eta bere eredu errepresiboa salatu dugu ekimenekin. EAEn espainiar polizien jardunari erreparatu diogu, ezin justifikatuzko errepideetako kontroletan (2014an 3.000), besteak beste.

Ertzaintzari dagokionean, salatu dugu erakundea kudeatzeko mentalitate alderdikoi eta klientelarra. Mozal legea  sutsuki aplikatzen duen eta bortizkeria baztertzen ez duen indar poliziala da.

Hala, udal polizien egitekoak defenditu ditugu, baita suhiltzaileena, emergentzietako langileena eta, finean, proposatu dugu prebentzioan oinarritutako eta komunitatearekin lotutako beste eredu bat.

Horrez gain, poliziaren gehiegikeriak monitorizatzeko mekanismoak sustatu nahi izan ditugu, besteak beste, kontrolerako kanpoko batzordeak. Horretarako, baloreen aldaketa bat eman behar da, ordea, gaurko polizia eredutik segurtasun publiko, ez errepresibo, demokratikoa eta integralerako beste eredu batera pasatzeko.