Auzia argitzeko eta justizia egiteko ekimenak

Ertzaintzak jaurtiriko gomazko pilota batek Iñigo Cabacas hil zuenetik lau urte baino gehiago igaro dira jada. Justiziarik ez da egin oraindik. Ardurak ez dira garbitu, ez penalak, ez diziplinazkoak, ez politikoak. Cabacas familiak oraindik borrokatu behar du egia eta justiziaren alde.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk familiari egin dion akonpainamendua eta Legebiltzarrean egin duen aldarria etengabea izan dira.

Ertzaintzaren buruaren agerraldia eskatu genuen (EAJ, PSE eta PPk eragotzi zuten); hilketa argitzeko ikerketa batzorde berezia sortzea proposatu (eragotzi zuten); Iñigoren familia, abokatua eta Iñigo Gogoan plataformari gonbidapena luzatu genien testigantza ganbaran azaltzeko; Segurtasun sailburuari eta Bake eta Bizikidetzarako Idazkariari gaiaz azalpenak eskatu genizkien... Aitortu behar dugu beti ezin izan dugula helburua lortu, gomazko pilota hiltzaileak debekatzea proposatu genuenean bezala. Auzo lotsa sentitu dugu behin baino gehiagotan, auzi honekiko hipokresiagatik.

“Cabacas efektua” hedatu omen zen Ertzaintza barruan. Beste prozedurak, instrukzioak, armamentua, jarrerak… barneratzeko aukera paregabea. Horren ordez, EAJk bilatu du efektu hori apaltzea, leuntzea, ezer aldatu ez dadin. Tragedia hura berriro ez gertatzeko inolako neurririk ez da hartu.