Euskal presoen egoera eta eskubideak, kartzeletatik Gasteizko legebiltzarrera

Gainontzeko alderdiek presoak objektu giza hartzen dituzte, euren interes politiko, alderdikoi edo elektoralen objektu. EH Bilduk presoak subjektu gisa hartzen ditu: eskubideen subjektu, erabaki politikoen subjektu, eta euren eskubide eta erabakien errespetu hori islatu dugu gure jardunean. EH Bilduren etengabeko ekimenei esker legedia eta nazioarteko gomendio eta oinarrizko eskubideak urratzen dituen espetxe politika salatu ditu ganberak.

Hala, Legebiltzarrak gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen (Ibon Iparragirre, Aitzol Gogortza, Ibon Fernandez Iradi­, Txus Martin...) kasuak edo Portugaleko Monsanto kartzelan dagoen Andoni Zengotitabengoa presoaren segurtasun egoera onartezina ere jaso ditugu eta askatzea eskatu dugu. Eta, noski, senitartekoak ere bidegabeki zigortzen dituen dispertsioaren berehalako amaiera ere onetsi da gure ekimenez.

Presoen eta iheslarien itzulerako salbuespenezko legedia ezabatzea exijitu dugu behin eta berriro, edozein presori aplikatzen zaion legedi arruntera trantsizioa egiteko. Horretarako, kartzela eskuduntza kudeaketa lagungarria dela aldarrikatu dugu.