Mailaketarik eta salbuespenik gabe, biktima guztiei errekonozimendua eta erreparazioa

Memoria ona, memoria txarra, osoa, selektiboa… Nolakoa izango da gure iraganeko memoria? Memoria bakarra dago edo memoriak, pluralean, dira? Zertarako? Gertatutako tragedia oroitzeak suposatuko digu lehenaldian kateatuta, ainguratuta geratzea edo balioko etorkizun hobeago bat eraikitzeko? Zein oinarriren gainean? Galdera ugariri erantzuna eman behar izan diogu legegintzaldian.

Batzuek irizpide etiko edo moralak ezarri nahi izan dituzte, eta horien gainean hasi dira kontaketa bat egiten, iraganeko gertakizun guztiak kontuan hartu edo ezagutu gabe. EH Bilduk proposatu du, lehenik eta behin, ezagutzea: iraganeko giza eskubideen urraketen eta sufrimendu guztien egitateak mahai gainean jartzea, hau da, egia guztia ezartzeko prozesu bat abiatzea. Ezagutzen ez dena ezin delako erreparatu. Egia ezarri, justizia egiteko eta horren gainean memoria eraikitzeko.

Oraindik hainbat dira herri honetan izandako gatazka politikoan gertatutako jazoera larriak ezagutzen ez ditugunak. Bertsio ofizialek ezkutatu dituzte legez kanpoko exekuzio eta exekuzio arbitrario edo sumarioak, desagerketa behartuak, tortura eta bestelako tratu edo zigor krudel edo ankerrak… Justizia Administrazio arruntak ez ditu gertakari horiek ikertu, are gutxiago egileak jazarri edo epaitu. Egiaren zati hori jarri nahi izan dugu mahai gainean. Ezagutzeko, aitortzeko, erreparatzeko. Eta etorkizunean horrelakoak berriro gertatuko ez direla bermatzeko

Abiapuntua argia da guretzat: biktima guztiek eskubide berberak dituzte aitortza eta erreparaziorako, bai eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermeari dagokionean ere. Gure historiaren edozein momentutan, edozein garai edo testuingurutan, edo giza eskubidea urratu duen agentea edozein delarik ere, biktimek mailaketarik eta salbuespenik gabe errekonozimendua eta erreparazioa jasotzeko eskubidea dute.

Ideia horrek gidatu gaitu. 1936tik 2016ra bitarteko giza eskubideen edozein biktimak eskubidea izan behar du bere kasua jakinarazteko, aitortza eta erreparazioa jasotzeko. Hori defendatu dugu gure interbentzio eta proposamenetan, eta baita ere arrazoi politikoagatiko giza eskubideen urraketen biktimen legearen tramitazioan.

Altxamendu faxistak desagertutako gudariak hilobietatik berreskuratu ditugu, Martxoaren 3ko sarraskiaren errugabetasuna salatu dugu, Argentinako Plataforma lagundu dugu, azken tortura kasua salatu dugu Legebiltzarrean, eta abar. Zerrenda luzea. Izan ere, Egiaren eta Justiziaren prozesu bat eraiki behar dugu, jasandako sufrimendu ezberdinak partekatuz, elkarren zauriak ixtea helburu izanik.