Katalunia eta Eskozia babestuz, eta euren ereduez ikasiz

Estatuak ukazio, mehatxu eta inposizioekin erantzuten die sistematikoki hemengo eta Kataluniaren aldarrikapen nazional demokratikoei. Horrela behin eta berriz erakusten du berarekin aldebikotasunaren onurak bilatzen saiatzea denbora zein indarrak alferrik galtzea dela. Katalunian jabetu dira horretaz eta alde bakarreko bidea egiteari ekin diote, horrek Estatuaren mehatxuak eta erasoak areagotzea ekarri duen arren.

Horren aurrean EH Bildun ez gara isilik geratu eta, guk proposatuta, legebiltzarrak hiru aldiz (2013ko urrian, 2014ko urrian eta 2015eko urrian) adierazi dio bere babes osoa Kataluniak abiatutako prozesuari, bertako gehiengoaren borondate demokratikoaren garapen politikoa delakoan, eta Kataluniako herriaren erabaki aske eta demokratikoa errespetatzeko exijitu dio Espainiako gobernuari.

Zentzu berdinean, Eskoziarrek beraien etorkizuna erabakitzeko izan zuten aukera babestu eta eredutzat hartzea eskatu genuen 2014ko irailean, erabakia edozein izanda ere. Erresuma Batuak erabakitzeko eskubidea aintzat hartu izanak lege arazoen gainetik demokrazia jartzea posible zela erakutsi zuen, eta hemen ere jarrera berdina mantentzea exijitu genion espainiar Estatuari.