Estatus berriaren eztabaidan akuilu bakarra

Autogobernuari buruzko ponentzian estatus politiko berriaren bidean aurrera egitea ezinezkoa izan bada ere, erabakitze eskubidearen defentsan legealdi honek data garrantzitsu bat utzi du.

Izan ere, 2014ko maiatzaren 29an Legebiltzarrak EH Bilduren proposamena onartu zuen eta, modu horretan, berretsi eta aldarrikatu zuen 1990ean legebiltzarrak egindako adierazpena: “Euskal Herriak bere autodeterminaziorako eskubidea du eta eskubide hau bertako biztanleek beren estatus politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko duten ahalmenean datza, bai bere buruari berezko politika-esparrua emanez, bai bere burujabetasuna, bere osoan nahiz zati batean, beste herriekin baterakoa izanez”.