Subiranotasun sozialaren aldarrikapena, jendarte osoari ongizatea bermatzeko

2015. urtea joan zen eta estatus politiko berriari buruzko erreferenduma egiteko dago oraindik. Lehendakariak ez du hitza bete –galdeketa 2015erako agindu zuen hauteskunde kanpainan– eta autogobernuari buruzko ponentzia konpromiso falta horren islarik onena izan da.

Lau urte alferrik galduta EAJk uko egin dio erabakitze eskubideari eta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak behar duten estatus politikoari buruzko eztabaidaren muinari heltzeari. Lau urte igaro eta gero geunden tokian gaude, EAJk erabakitze eskubidearen aldeko aldarrikapen teorikoa praktika politikoan bideratzeari eta gauzatzeari uko egin diolako.

Ponentzia eratzea 2014ko otsailean adostu zuten EAJk eta PSEk, erabakitze eskubideari erreferentziarik egin gabe.