Bertoko eta bertokoentzako justizian sinesten dugu

Justizia politizatua, dependentea, partziala, urruna da gaur egun duguna. EH Bilduk defenditu du politizatuta ez dagoen euskal justizia sistema publikoa, Euskal Herriarekiko eta bere herritarrekiko atxikimendu egiaztatua duten epaile naturalek osatua. EH Bilduk nahi du ekitatea, gizarte justizia eta herritar guztien eskubide zein askatasunak errespetatzea eta zaintzea bezalako baloreak jarraituz, arauak aplikatu behar diren garaien arabera interpretatuko dituen justizia.

Tamalez, horren sinplea den eskakizun hori gauzatzeko ez dugu eskumenik, espainiar justizia administraziora kateatuta baikaude.

EH Bilduk euskal justizia hori helburutzat jarrita, hainbat ekimen sustatu ditu eta Madrilen birzentralizioa salatu du. Salatu dugu tasa judizialek eta doako justiziaren murrizketek kaltetu dutela pertsona guztien justiziara heltzeko eskubidea; gure identitateari dagozkion oinarrizko datuak erroldatzen dituzten erregistro zibilen pribatizazioaren kontra agertu gara, eta abar.

Lehen esan dugu, oso eskumen urri eta hertsiak dauzkagu justizia administrazioaren atalean. Ikusi dugu EAJk ez duela horien defentsa ere egin. EAJk barneratu du subkontzienteki “gorputz nazionalak” edo estatuaren menpekoak direla eta gure sisteman integratzeko ahalegin guztiak egiteari iskin egin dio. EH Bilduk planteatu du zirrikitu guztiak erabiltzea euskal justizia administrazio batean sinesteko eta, ikuspegi hedatzaile batekin, eskumen horiek gureganatzeko, bertoko eta bertokoentzako justizia baten aldeko urratsak ematen hasteko.