Herritarrena dena herritarrei itzultzeko urratsak

Estatu espainiarrak 16 asteko amatasun-baimena eta bi asteko aitatasun-baimena onartzen ditu. Baimen horrek kapitalismoaren eta patriarkatuaren logikei erantzuten die; laburregia da haurrak ondo zaindu ahal izateko eta sexuaren araberako lan-banaketa indartzen du.

Pertsona bakoitzak, guraso izateagatik, 6 hilabeteko baimena behar duela izan haurrak zaindu ahal izateko defendatu dugu legebiltzarrean, haurren zaintza ez delako emakumeen ardura soilik; gizonek ere haurren zaintzan inplikatu behar dutelako; eta pertsonak zaintzeari lehentasuna emango dieten politika publikoak behar ditugulako.

2016ko otsailean proposamena ekarri dugu: Jaurlaritzak abia dezala proiektu-pilotu bat bere sail edo erakunde batean gurasotasun-baimenak modu progresiboan parekatuko dituena.

Ez dugu lortu gure proposamena garatzen hasteko nahikoa babes, EAJk eta PPk proposamenaren kontra bat egin dutelako; baina lortu dugu gurasotasun-baimenen inguruko eztabaida mahai gainean jartzea eta, neurri batean, jendarteratzea. Egoeraz jabetzea lehenengo pausoa izanda, orain leku guztietatik indar egitea dagokigu egiturazko aldaketak eragin ditzakeen aldaketa “txikiak” bultzatzeko.