Gaitzarekin bukatzeko presentzia kalean eta proposamenak legebiltzarrean

Legegintzaldi osoan zehar gaitz larri batek kolpatu du Euskal Herria: etxe kaleratzeak. Hain zuzen, Hego Euskal Herrian 16.165 etxe kaleratze izan dira 2007 eta 2015 urte bitartean.

Horrela, legegintzaldi hasieran gure jardueran gai honek garrantzia nabarmena izan zuen. 2012ko azaroan aurkeztu genuen lehenengo legez besteko proposamena etxe kaleratzeak eteteko ekimena izan zen. Erakunde ezberdinei krudelkeria honekin bukatu zezatela eskatzen genien, baina, Jaurlaritzaren gainean kokatzen genuen bereziki ardura; alde batetik, administrazio publikoaren etxebizitzetan etxe kaleratzeak berehala eteteko eskatu genion; eta bestetik, harremanak eten zitzala, etxe kaleratzeak burutzen zituzten finantza erakundeekin. EAJk nahiago izan zuen PP eta UPyDrekin batera adostasunetara iristea.

Etxe kaleratzeen alorrean egindako lana Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eragileekin izandako harreman jarraitutik sortutako ekimenak izan dira. Bereziki azpimarragarria, alde batetik, IRPH indizea bertan behera uzteko egin ditugun proposamenak; eta bestetik, kalean gure legebiltzarkideek izan duten presentzia, etxe kaleratzeak gelditzeko mobilizazio gehienetan elkartasuna adierazteko eta presio lanean ekarpena egiteko.