Generoa aukeratzeko eskubidea eta eskubide sexualen aldarrikapena legebiltzarrera

Lesbiana, gai, transexual, bisexual, intersexual eta queer kolektiboak inoiz baino presentzia handiagoa izan du Gasteizko legebiltzarrean. EH Bilduk babestu du, adibidez, eta ekarpenak egin dizkio ganbaran urtero errepikatzen den adierazpen instituzionalari, jendarte osoaren inplikazioa eskatuz aldaketa sozialak sustatzeko, eta arloko eragileek egindako lan eskerga eta ona errekonozituz.

Ildo horretatik, esanguratsua da ere lehenengo aldiz jarri zela Gasteizko legebiltzarraren ate nagusiaren gainean ortzadar bandera, ekainaren 28an, kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko eta kolektiboak pairatu duen jazarpen historikoa salatzeko.

Horrez gain, 2012an pertsona transexualei begira onartu zen legea aztertu eta betetzea eskatu dugu, dituen hutsuneak gainditzeko proposamenak ere eginez. Gure helburua da generoa aukeratzeko eskubidea errekonozitzen duen lege propio eta osotu bat garatzea eta onartzea, eta ikuspegi horrekin lanean jardun gara kolektibo ezberdinekin batera. Kataluniako legea hartu dugu oinarri eta abiapuntu moduan, eta datorren legegintzaldian lanekin jarraitzea da asmoa.