Arazoari begiratzeko modua aldatzeko aldarria

Indarkeria matxistarik gabeko jendartean bizitzeko eskubidea dugunaren aldarria eraman dugu legebiltzarrera. Gainontzeko taldeekin adostasunak lortzearen ikuspegitik arrakasta mugatua izan dugu alor honetan, egia esan. Izan ere, EH Bilduk defendatu du indarkeria matxistaren gaian garaia dela hitzetatik benetako ekintzetara pasatzeko, eta ildo horretatik, indarkeria matxistaren fenomenoa perspektiba berrietatik ikusteko.

Zentzu horretan, gai honen inguruko ponentzia zehatza sortzea proposatu genuen, lantalde parlamentario batek modu iraunkorrean eta epe luzera begira gaia aztertu eta neurriak proposatu zitzan. Hala, Mugimendu Feministak ponentzia horretan gainontzeko talde politikoen antzera eskubide eta betebehar berdinekin parte hartzeko aldarrikapena egin genuen. Helburua: indarkeria horien diagnostiko erreala egin eta ondorioz, neurri zehatzak abiatzea.

EAEko indarkeria matxisten mapa osoa egitea ere defendatu genuen, hala nola, administrazioan indarkeria matxisten biktimei arreta egiten dieten pertsonen prestakuntzan sakontzea, ikuspegi feminista batetik abiatuta. Baita ere Ertzaintzaren protokoloen eguneratzea, erasotzaileen jarraipena egiteko neurriak, emakumeen enpoderamendurako neurriak, eta abar.