Emakumeon parte-hartzeko eskubidea defendatzeaz gain, urrats garrantzitsua eman da

Legegintzaldi hasieratik atal honetan egindako lanak bukaera aldera eman ditu fruituak. 2016ko apirilean lortu genuen, legez besteko proposamen baten bitartez, hain zuzen, legebiltzarreko talde guztiek alarde parekidea babestea. EH Bilduren ekimenez, Hondarribian Jaizkibel konpainiaren partaideek pairatzen dituzten eta begirune falta erakusten duten keinuak baztertzeko eskatu zen aho batez. Ez da nahikoa, baina abiapuntu bat da.

Hala, EH Bilduk presio politiko nabarmena egin du legegintzaldi osoan zehar hainbat ekimenen bitartez: idatziz erantzuteko sei galdera sorta erregistratu ditugu Jaurlaritzari zuzenduak, Irun eta Hondarribiako alardeetako aspektu ezberdinen inguruan; hiru aldiz deitu dugu Lehendakaria osoko bilkurara Lakuak gaiaz daukan jarreraren inguruan azalpenak eskatzeko; ganberara ekarri ditugu Irun eta Hondarribiko alkateak, alde batetik, eta Hezkuntza sailburua, bestetik, alarde baztertzailearen fundazioaren elkartearen inaugurazioan parte hartu zuelako. Eta bukatzeko, aipatu legez besteko proposamena aurkeztu eta defendatu dugu.