Kontrareformaren aurka kalea eta legebiltzarra doinu berarekin dantzan

Gallardonen eskutik, abortatzeko legea 1985eko terminoetara edo are gogorragoetara eramaten saiatu ziren 2013-2014 urteetan, Estatuaren, Elizaren eta komunitate zientifikoaren sektorerik atzerakoi eta patriarkalenak bat eginda. Kontrarreformak mugimendu feminista eta kalea piztu zituen.

EH Bilduk kaleko protesten lekukoa hartu eta erakundeetan ahotsa eman zien, abortatzeko eskubidearen aldeko gehiengoak landu zituen eta balizko kontrarreforma baten aurrean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eskubidea blindatzeko aukerak aztertu zituen. Inoiz baino gehiago, erakunde publikoak erresonantzia kutxa bihurtu ziren. Baina borroka kalean irabazi zen, dudarik gabe. 2014ko irailaren 22an, Gallardonek dimisioa aurkeztu zuen.

Kalean jokatu da partida nagusia eta guk kaleko aldarrikapena legebiltzarrera ekarri dugu: abortu libre eta doakoa, osasun sistema publikoan.

Abortatzeko eskubidearen aldeko borrokarekin batera, Adela Ibabe Ortueta Aramaioarraren memoria ere ekarri dugu Legebiltzarrera, ez dugulako historia ahaztu nahi eta ez dugulako historia errepikatu nahi. 1973ean hil zen Adela, 28 urterekin, klandestinitatean abortatu eta odolustuta. Bere moduan, ehunka emakume hil zen antzeko egoeran hamarkada haietan. Arestiren hitzak gure eginez: Adela geurea, hire memorian, hire memorian.