Legea jomugan, eztabaida gune zehatza sortu dugu

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gazteen egoeraren errealitatea oso gordina da. Gazteen langabezi tasa %30ekoa da, eta 25 urte baino gutxiago dituzten gazteen tartea hartzen badugu %38ra heltzen da. Gazteen prekarizazioa orokorra da: sinatzen duten lan kontratuetatik %95a behin-behineko kontratuak dira, eta euren soldata bataz bestekoa baino ia 13.000 euro gutxiagokoa da. Gainera, emakume gazteek, gizonekin konparatuz, 3.540 euro gutxiago kobratzen dute. Gure erkidegoan pobrezian bizi diren 10 pertsonetatik seik 35 urte baino gutxiago dute, eta gazteen %66k ez dute inolako diru-sarrerarik.

Egoera latz horren aurrean Jaurlaritzak ez ditu neurri eraginkorrak abian jarri gazteen bizi-prekarizazioarekin amaitzeko, inolaz ere.

Testuinguru horretan, EH Bilduren ekimenez, “Gazteriaren arazoei buruz eztabaidatzeko eta beharrei konponbideak bilatzeko” ponentzia sortu zen. EH Bilduk bi helburu izan ditu: gazteen eskubideak bermatzeko gazteriaren legea egitea beharrezkoa zen ala ez eragileekin kontrastatzea, eta baiezkoan, bigarren helburu gisa, lege baten oinarri minimoak edo gazteen egoera hobetzeko neurriak finkatzea.

Bi urtez lanean egon ondoren, ponentzian argi gelditu da legea egitea ezinbestekoa dela, eta, horren kariaz, hurrengo legegintzaldian Jaurlaritzak gazte eragileekin parte-hartze prozesu baten ondoriozko proposamen bat ekarri beharko du. Bigarren helburua, aldiz, ez dugu lortu, EAJk, PSEk eta PPk espresuki oztopatu dutelako.

Egia esan, Jaurlaritzak ez du konpromisorik hartu gazteen egoera hobetzeko. Are gehiago, esaldi mingarriak entzun behar izan dituzte, hala nola, Lehendakariaren partetik. Lehendakariak jarrera hori aldatu dezan ere ekimenak aurkeztu ditugu.