Murrizketen eta erasoen aurrean, eskubide sozialen defentsa tinkoa

Gaur egun dugun babes sistema ona eta beharrezkoa da. Baina 2008tik Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legea onartua zenetik, gure jendartean aldaketa ugari izan dira: arrakala soziala gero eta nabariagoa da; babes sistema horretatik kanpo hainbat kolektibo geratzen dira; eta azkenik, sistema horrek eraso eta murrizketa asko pairatu izan ditu.

Murrizketa horien artean nabarmentzekoak dira 2011n Alderdi Sozialistak eta Alderdi Popularrak Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak bermatzeko Legean eragindakoak. Horiek milaka pertsonak diru sarrerarik gabe utzi dituzte eta, berez, prestazioaren izaera subjektiboa kolokan ipintzen dute.

EH Bilduk, behin baino gehiagotan murrizketa eta aldaketa horiek indargabetzea proposatu du, 2014an aurkeztu genuen lege proposamenarekin, adibidez. Proposamen horiek helburu bikoitza izan dute: egindako murrizketak indargabetzea eta gaur egun sistematik kanpo geratzen den kolektiboari arreta ematea, babes sistema indartzearekin batera, eragileen aldarrikapenekin bat eginez.