Jaurlaritzak utzitako hutsunea betetzeko herri ituna: % 3 Ikerkuntza eta Garapenerako

Jaurlaritzak alor honetan egin duen inbertsio nagusia propagandan egindakoa izan da. Propagandaren bitartez sinaztarazi nahi izan digu ikerkuntza, garapen eta berrikuntzan nazioarteko potentzia bat garela.

Errealitatea, ordea, bestelakoa da: EAE zerrenda horretan azken postuetan kokatzen da inbertsio eta emaitza mailan. Datua: inbertsioa baxua da, Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 2 soilik (azken urteetan gero eta beherago doa). Herrialde garatuetan % 3 inguru bideratzen da, eta Europako eskualde puntakoenetan % 4 ingurukoa da inbertsioa. Alegia, EAE ikerkuntza eta garapen alorreko “ligan” bigarren mailan dago, eta gero eta atzerago sailkapen nagusian.

Egoera larria dela esan daiteke. Izan ere, gure industriak berrikuntza gaitasun maila altua garatzea beharrezkoa da eta, horretarako, ezinbestekoa da I+G+B-n erabaki politiko ausartak hartzea.

EH Bilduk bete du Jaurlaritzak arloan erakutsi duen hutsune hori. 2020 urterako Ikerkuntza eta Berrikuntza BPGren % 3 izateko plangintza zehatza egin beharko du gobernuak, eragileekin batera. Hala, Europak ezarritako helburuetarako heltzeko urratsak egingo ditugu.