Madrilek agindu, Jaurlaritzak gustura bete

2010ean Zapaterok egindako erreforma eta 2012an PPk egindakoa logika neoliberalari segida emateko egindakoak dira, langileen kalterako, lan harremanen eredua desarautzeko sortuak dira eta, azken finean, ez ditugun arazoak konpontzeko inposatuak izan dira.

Langileekin injustua izateaz gain, gure markoan ez dira baliagarriak, hondoratzear dagoen estatua nolabait salbatzeko asmoz soldatak jaisteak ez duelako balio gure erronka nagusietakoa den kalitateko enplegua sortzeko, inolaz ere.

Hortaz, EH Bilduk lan erreformei aurre egiteko eta enplegua sustatzeko elkarlana eskaini du eta hainbat proposamen egin ditu. Bereziki aipagarria da "Hazkunde ekonomikoa bultzatzeko eta langabeziari aurre egiteko neurriak" adosteko helburuarekin egin zen eztabaida monografikoan aurkeztu genituen 43 neurri proposamenak. Lana banatzeko eta kontziliazioa errazteko jardunaldiak laburtzea, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioan erabakiak hartzen haztea, inbertsioetarako funts berezia sortzea eta zerga politikaren erreforma abiatzea proposatu genuen.